2018(e)ko urtarrilaren 12(a), ostirala

Neandertal gor, herren eta besamotzaren biziraupena



Homo neanderthalensis espeziea duela 230000-28000 urte Europan bizi izan zen homininia da, eta gure espezieraren, hots, Homo sapiens anatomikoki modernoaren (HSAM) garaikidea zen.

Homo neanderthalensis ar baten itxuraren berreraiketa

Pleistozenoko bizimoduari aurre egitea ez zen lan erraza espezie honentzat: neandertalak ehiztari-bilatzaile nomadak ziren, eta hainbat faktoreren eraginari biziraun behar zioten, hala nola, klimari, garai hartan eman zen tenperatura aldaketari zehazki, harraparitzari, eta HSAM-ek zekartzaten patogeno arrotzek eragindako gaixotasunei. Seguruenik, ikuspegi darwinista batetik, horrelako egoera batean hoberen moldatutako indibiduoek baino ez zuten biziraungo, eta indibiduo hauen genotipo “onuragarriak” izango ziren belaunaldi batetik bestera maiztasun handienaz transmitituko zirenak.

Arrazoi horiengatik preseski, guztiz harrigarria da 1957-an, Irak-en egin zen 40 urteko eta desgaitasun ugariko indibiduo neandertal baten aurkikuntza. 50 mila urteko datazioa ezarri diote ikerlariek, eta bere hezur-aztarnetan dauden anomaliei, dagozkien arazo edo gaixotasunak atxikitu dizkiete.

Lehenbizi behatu zutena, kanpo-belarriaren hezurdura izan zen, eta duela gutxi baieztatu dute horren eraginez guztiz gorra izango zela indibiduo ar hau. Gorra izatea desabantaila itzela izango zen garai hartan, zentzumen garrantzitsuenetarikoa delako entzumena ehiztari-bizimodua daramaten populazioentzat.

Entzumen-hodiaren hezurdura erakusten duten kranioaren aztarnak

Gorra izatea gutxi ez balitz, eskuineko humeroaren anormaltasuna ikusi daiteke beheko irudietan. Badirudi horrelako kurbadura batek besamotz utziko zuela neandertala.
A eta C: eskuineko humeroaren bistak

Eskapulak, sorbaldek eta eskuineko klabikulak ere morfologia ez-ohikoa erakusten dutela ikusi daiteke. Egindako analisien arabera, eskuineko klabikulan dauden sintomek, indibiduo horrek osteomielitisa pairatzen zuela iradokitzen du (hezur-muinaren edo hezurren infekzioa).
A: ezkerreko klabikula normala
 B: osteomielitisa daukan eskumako klabikula

Beheko gorputz-adarretan ere ikusi daitezke arazoak: femurra eta oinetako metatartsianoak aztertuta, herrena zela baieztatu daiteke, eta horrez gain, pelbiseko arrastoek aditzera ematen dute hezurretako gaixotasun larria zeukala.

Arazo guzti horiek ikusita, nola liteke posible hain denbora luzean desgaitasun guzti horiekin biziraun izana? Ez dago froga nabarmenik galdera honi erantzuteko, baina seguruenik, bere taldekoen laguntza eta babesari esker biziraun zuen adin heldura arte.


Iturriak: 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Zuhaitz batetik erorita hil al zen Lucy?

Hauxe eman dute aditzera John Kappelman eta kideek Nature aldizkarian, 2016-an argitaratutako artikuluan. Lucy-ren itxuraren erreproduk...