2017(e)ko abenduaren 18(a), astelehena

Kreazionismoa VS eboluzionismoa

1859. urteko azaroaren 24-ak ordu gutxi batzuk zituen The origin of species liburua argitaratu zenean. Halakoa zen ikusmina, egun berean agortu zirela lehenengo edizio horretan salgai zeuden 1250 aleak. Liburuaren 502 orrialdeetan zehar, Darwin-ek, haren bidaietan Beagle itsasontzitik behatutakoaz, eta behaketa horietatik egindako hausnarketei buruz jarduten da, honen emaitza gisa literatura zientifikoaren historian zehar argitaratuko lanetarik garrantzitsuena, teoria ebolutibo biologikoaren aitzindaria izango zena, lortuz.
Testuinguru horretan, elizaren indarra azpimarratu behar da, honek herritarrengan pisu handiko eragina baitzeukan, garaiko gizartearen kultura, pentsaerak eta tradizioak ezarriz. Erlijioak bizitzaren sorrera azaltzeko beste ideia bat defendatzen zuen: kreazionismoa, bai izaki bizidunak eta bai materia ez-biziduna, Jainkoaren esku-hartzearen bidez sortu diren. Ez da harritzekoa, beraz, Darwin-en ideiak baztertu eta deuseztatu nahi izatea, baina haren oinarria hain sendo eta logikoa izanez, gero eta indar gehiago hartzen joan zen, urtez-urte, komunitate zientifiko ia osoaren onarpena eta babesa lortu zuen arte.

On the Origin of Species - Wikipedia
Darwin-en liburuaren lehen edizioa

Gaur egun, teoria ebolutiboa, salbuespenak salbuespen, guztiz onartuta dago, zientzia biologiko gehienen oinarria delarik. Hala ere, elizaren esparru handi batek oraindik zalantzan jartzen du, kreazionismoa goraipatuz, izan ere, azken mendean zehar, hainbat izan dira eredu hau teoria eboluzionistaren parekoa izateko, edo behintzat komunitate zientifikoaren parte izateko saiakerak. AEB-n duela 80 bat urte indar handia hartu zuen, 1910-etik 1960-ra, eskola publiko guztietan, unibertsoaren sorrera azaltzeko eredu bakarra baitzen. Gaur egun ikasketa planetik baztertuta badago ere, hainbat dira ideia hauek sustatzen dituzten erakundeak; besteak beste, Kreazioaren Ikerkuntzarako Institutoa, non kreazionismoari buruzko museo bat aurki daitekeen.

AEB-ko museo kreazionista

Baina bizitza eta unibertsoaren sorrera azaltzeko ideia hau jada ez da Erdi Aroko eliza kristauetan azaldutakoa; urtez-urte kreazionismo modernoa garatuz joan da, teoria ebolutiboa zalantzan jartzeko mota askotako arrazonamenduak erabiliz. Horretarako, teologo eta erlijioaren defendatzaile askok zaharra den kontzeptu bat berreskuratu dute, Tomas Akinokoak Jainkoaren existentzia frogatzeko erabili zuena: diseinu adimentsua. Ideia hau, bizitzaren oinarrian aurkitutako eredu konplexu makromolekular eta prozesu biokimikoak, eragile adimentsu baten lana direla aldezten du. Honi arrazoizko adibideak gehitzen saiatu dira, horretarako zientziara joz; besteak beste, sistema immunearen mekanismoaren konplexutasuna hain handia denez gero, haren atzean esku adimentsu bat egon behar dela diote. Michael Behe, Pennsylbania-ko Lehigh Unibertsitateko biokimikaria, ideia honen defentsore aktibo kontsideratzen da, eta hau izan zen honen barnean konplexutasun murriztezinaren kontzeptua garatu zuena: hainbat atal garrantzitsuz osatutako mekanismo edo egitura batek ezin dio atal hauetariko bati uko egin, guztiak beharrezkoak baitira konplexuaren funtzionalitatea eman dadin, beraz, haren hitzetan, ezinezkoa da eboluzioan zehar mekanismo hori sortu arte trantsizioko egoera horien existentzia ematea, ez bailirateke organismoarentzat abantailatsuak izango. Zorionez, ideia hauek, biokimikari eta biologia molekular ebolutiboaren arloetan lan egiten dutenen eskutik deuseztatu dira, publikoaren ezjakintasunaz aprobetxatzen den hipotesia baita, ez dagoelako benetan ondo arrazoituta eta determinanteak izan daitezkeen xehetasun asko baztertuta uzten baitituelako.

Dena den, kreazionismoa, entzute handiko mugimendua da herrialde erlijioso askotan. Gainera, kristautasunak ez ezik, erlijio musulmanak eta beste batzuek ere honen apologia egiten baitute. Azken finean, gaurko gizarte modernoaren testuinguruan, jendea doktrinatzeko beste metodo bat baino ez da.

Honen guztiaren aurrean, teoria ebolutibo biologikoaren ideia eta oinarriak indartu eta hedatzeko beharra dago. Zergatik onartzen da unibertsalki, eta zergatik kontsideratzen da dogma?

Alde batetik, azken mendean aurkitutako erregistro-fosila daukagu, zeinek oraingo hainbat espeziekiko antzekotasun morfologiko eta genetiko asko erakusten dituzten organismo ezberdinak beha daitezkeen. Fosilen artean ez dugu aurkitzen gaur egungo espezie bati dagokion bat ere, denak iraganeko egoleak direlarik. Hauek adinaren arabera ordenatzen badira, egungo espezie batera heldu arteko trantsizio-egoera ezberdin ugari ikusten dira, eta horrek, organismo honen aitzindariak direla adierazten du. Morfologia alde batera utziz, genomika erabilita ere aztertu dira fosil hauek, egungo espezieen genomak hauekin konparatuz, eta “denon sorpresarako”, hainbat eta hainbat parekotasun genetiko aurkitu dira. Datu hauekin, espezie guztiek gaur dituzten ezaugarri genotipo eta fenotipikoak lortzeko lehenaldiko hainbat egoeretatik pasa behar direla adierazten du, eta beraz, eboluzio bat egon dela.

Beste aldetik, eta berriro genetika arrazoi bezala erabiliz, espezieen arteko genomen konparazioa daukagu. Zientzia garatzen joan den heinean, asko izan dira sekuentziaturiko animalia eta bestelako organismoen material genetikoak. Horrela, erlazio ezberdinak ezarri ahal izan dira oso espezie ezberdinen artean, adar askoko zuhaitz baten diagrama lortuz: bizidunen zuhaitz filogenetikoa. Ondorioz, argi ikusi da organismo guztiek euren sinpletasun eta konplexutasunean progresio bat erakusten dutela, aitzindari komun batetik hasten den progresio zuzena alegia, eta zalantzarik gabe, eboluzioaren ondorioa dena.

Behaketa sinple bat erabiliz ere aurki ditzakegu eboluzioaren ebidentziak. Honen adibide, anatomikoki homologoak diren espezieak ditugu. Espezie hauen artean, jatorri komuna zeukaten eta funtzio bera betetzen zuten egiturak daude, eboluzio baten ondorioz, dibergentzia pairatu eta iraganean zeukaten funtzionalitatea galdu dutenak, gaur egungoa, (euren artean guztiz ezberdina izan daitekeena) lortuz. Beraz, antolakuntza-maila basikoa espezie guztietan mantentzen dute, egungo organoek morfologia eta zeregin guztiz ezberdina izan arren.

Resultado de imagen de homologia humano murcielago
Besoaren homologia ugaztunetan

Azkenik, animalien garapen enbrionarioa daukagu, non argi ikusten den animaliak euren artean oso ezberdinak izan arren, euren garapen-fase ezberdinetan beste espezieekiko antzekotasun ugari aurkezten dituzten. Honen arrazoia zera da: hauen konposizio-zelularra aitzindari komun batetik datorrela, zeinek era ezberdin askotan, baldintza ezberdin askori aurre egin behar izan zion, gaur egungo hainbat eta hainbat espezieetan dibergitu zuena: eboluzio hutsa.

Hau guztia kontuan hartuz, esan beharra dago, zientzia ulermenak eta gertaerek azaltzen dutela, eta gertaera hauek koherenteki garatzen dituzten teoriak behar dituztela. Testuinguru honetan, eboluzioak izaera bikoitza dauka: gertaera eta teoria da aldi berean, beraz, hau deuseztatzeko asmoarekin jarduten duten hainbat fronte badaude ere, hain ideia sendoa denez gero, guztiz zalantza gabekoa da organismoak aldatu egiten direla eboluzioaren eskutik Lurraren historian zehar.


ITURRIAK:
https://sites.google.com/site/benignociencias/practicas
http://www.actionbioscience.org/esp/evolucion/lenski.html





2017(e)ko abenduaren 16(a), larunbata

ZIENTZIALARIAK HARRITUTA 5,7 MILIOI URTEKO GIZA-OINATZENGATIK

Gure espeziearen jatorria gehiago konplikatzeko, Gerard Gierlinski-k, oinatz fosiletan espezializaturiko paleontologo poloniarrak, 5,7 milioi urtetan datatutako homininoen oinatz batzuk aurkitu zituen 2000. urtean Greziako Creta irlan, baina ez ziren sakonki aztertu 2010-era arte. Gaur, 2017. urtean, Uppsala unibertsitateko Per Ahlgerg paleontologoak ikerketa berrartu eta bere ondorio harrigarriak publikatu ditu.

Aurkikuntza honek, ezarritako lehenengo gizakien eboluzio-teoria alda dezake. Esan bezala, oinatzak 5,7 milioi urte dituzte; orain arte uste izan denez, garai horretan, gure arbasoak Afrikan bakarrik bizi ziren, eta tximino oinatzen oso antzekoak ziren oinatzak uzten zituzten.

XX. mendean, Afrikako hegoaldean eta ekialdean egin zen lehenengo Australopithecus fosilen aurkikuntzatik, giza-leinuaren jatorria Afrikan kokatu izan da. Eremu berean aurkitutako beste fosil batzuek, Tanzaniako Laetoliko 3,7 milioi urtetan datatutako oinatz famatuak barne, gure leinuaren lehenengo kideak Afrikan sortu, eta bertan, Europa eta Asiara migratu baino lehen, hainbat milioi urtetan zehar isolatuta egon zirenaren ideiak indartu zituzten.

Horregatik, aurkikuntza honek aurreko ideia hauen kontra egiten du, errealitate askoz konplikatuago bat aditzera emanez.

Giza-oinak forma berezia dauka, lurreko beste animalia guztiengandik guztiz desberdina dena. Izan ere, oin-zola luzanga baten konbinazioak, aurrera begiratzen duten bost behatz motz eta atzaparrik gabeek, besteak baino handiagoa den behatz lodi batekin, bakarra egiten du oinatz mota hau. Gure ahaide hurbilenen oinak, txinpantze, gorila eta orangutanenak zehazki, antzekotasun gehiago ditu giza-oinekin giza-eskuekin baino, adarrei heltzea edota objektuak manipulatzea ahalbidetu dieten erpuru lateral bat dutelarik.

Laetoliko oinatz famatuak, ustez Australopithecus batek utzitakoak, gizaki modernoenen oso antzekoak dira, orpo estuagoak eta oin-zola okertu gabea izatearen ezaugarriak kenduta. Guztiz kontrakoa gertatzen da aurkitutako beste fosil zaharragoekin, Etiopiatik orain dela 4,4 milioi urte ibili zen Ardipithecus ramidus-ak tximinoen oin berdinak baititu. Espezie hori aztertzean, ikerlariek esan zuten gure espeziearen arbaso zuzena zela baina haien oinek gureen antza izateko oraindik ez zutela eboluziorik pairatu.



Baina oinatz berriak, Trachilosen aurkiturikoak, Cretako mendebaldean, Laetoliko oinatzak baino 2 milioi urte zaharragoak dira, eta gainera, giza-itxura nabaria dute, bereziki oinetako behatzetan. Bere hatz lodiak, gurearen antzeko forma, tamaina, eta posizioa ditu, eta gure kasuan bezala, oin-zolari elkartzen zaio tximinoetan agertzen ez den “bola” baten bidez.

Hominino berri eta ezezagun honen oin-zola proportzionalki txikiagoa da Laetoliko oinatzekin konparatuta, baina orokorrean itxura bera dute. Laburtuz, Trachilosen utzitako oinatzen ezaugarriak garbi azaltzen dute lehenengo hominino batek utzi zituela, Laetoliko ibiltaria baino primitiboagoa zen batek hain zuzen ere.

Bere 5,7 milioi urtekin, Cretan oinatz misteriotsuak utzi zituen espezieak, ezagututako hominino zaharrenak baino lehenagokoak dira, Chad-eko Sahelanthropus-ekoak zehazki, eta aldi berean Keniako Orrorinen garaikidea, baina Ardipithecus ramidus eta bere tximino-oinen milioi bat urte zaharragoak. Guzti honek, Ardipithecus-a homininoen ondorengo espezien, arbaso zuzena izatearen hipotesia ezeztatzen du.

Gainera, 2017. urtera arte, 1,8 milioi urtetako (Georgiako lehenengo Homo fosilen adina) hominino fosil guztiak Afrikan zuten jatorria eta horrek eraman zien hainbat ikerlariri taldearen garapen lekua zela ondorioztatzera.

Baina Trachiloseko oinatzek argi uzten dute: segurtasun osoz datatuta daude guneko azpi geruzetako foraminiferoen (itsas mikrofosilak) bidez, eta gainera, oinatz berberak orain dela 5,6 milioi urte sortutako arroka sedimentario bereizgarri baten azpian aurkitzen dira, Mediterranear itsasoa denboraldi labur batez sikatu zenean.

Bateragarritasun bitxi batengatik, urte hasieran beste ikertzaile talde batek 7,2 milioi urtetan datatuta zeuden hortz eta baraila zati batzuk berinterpretatu zituzten, Graecopithecus izeneko primate batenak, eta Grezia eta Bulgaria artean egindako aurkikuntza honen ondorioz primatea hominino taldean sartu zuten berriro.

Cretako oinatzak, Behe Miozenoan sortu ziren, eta garai honetan, Saharako basamortua ez zen existitzen. Gainera, Afrikako iparralde guztia, Mediterranear ekialderaino, sabana handi bat zen. Creta oraindik greziar penintsulatik banandu gabe zegoen, beraz oso zaila da lehenengo homininoak Europako hego-ekialde eta Afrikan zehar imajinatzea.

Aurkikuntza honek, orain arte zegoen lehenengo gizakien eboluzioari buruzko ezarritako kontaketari aurre egiten dio. Oraindik ikustear dago ea giza-jatorria aztertzen duen komunitate zientifikoak onartuko dituen aztarna fosil hauek Cretan, Miozeno garaian, homininoen presentziaren ebidentzia direla.

Artikulua osorik: http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S001678781730113X

Javako Gizona

Javako gizona edo Homo erectus-a eskala ebolutiboko hominidorik garatuenetarikoa da, eta ezberdintzatzen dituen ezaugarri fisikoak haren kapazitate kraniala, altuera eta bipedia dira. Haren dietaren zati nagusi bat okela zen, letagin eta molar sendoak zituelarik. Inteligentziaren gaitasunei dagokiela, soinu bidez komukiatzeko gai ziren espezie honetako indibiduoak, sua erabiltzen zuten, eta harrizko tresnak egiten zituzten.
Resultado de imagen de java man
Eugène Dubois ikerlariak 1890-ko hamarkadan, Javako irlan (Indonesia), kranio baten goikaldea eta femur bat aurkitu zituen, eta hoiek izan ziren Homo erectus-en aurkitutako lehenbiziko fosilak. Dubois-ek, hezur hauek gizaki modernoarenekin konparatuz, kranioa primateen antzekoa zela ondorioztatu zuen, baina femurrak bipediaren arrasto argia ziren. Ikerlariak Pithecanthropus erectus bezala sailkatu zuen, primateen eta gizakien arteko espezie bitartekari bat.
Resultado de imagen de java man

Javako gizonak 900 cm kubiko inguruko kapazitate kraniala zuen, kranio zapal bat zuelarik, eta bekoki txikiarekin. Gaur egungo gizakiaren altuera zuen, eta haren fosilak 500.000 urte baino aurrerago datatzen dira. Guztiz tente ibili zen lehenengo gizakia izan zen, eta seguruenik Javako gizonak Pekingo gizona ehizatu zuen.


Oinarrizko artikulua: https://www.britannica.com/topic/Java-man

Zuhaitz batetik erorita hil al zen Lucy?

Hauxe eman dute aditzera John Kappelman eta kideek Nature aldizkarian, 2016-an argitaratutako artikuluan. Lucy-ren itxuraren erreproduk...